Biharamun elektorala
Ez, ez dut igandeko hauteskundeen azterketa egiteko asmorik. Igande gauean Interneten, eta astelehenean eta gaur bertan paperean atera ditugun informazioak eta datuak ateratzea zenbat kostatzen den azaldu nahi nizuen, gainetik bada ere. Batez ere, jakin badakidalako beti gelditzen dela hanka-sartzeren bat, akatsen bat. Herriren bateko datuak direla edota koadro bateko zenbakiak ez datozela bat hurrengo orriko beste batekin.
Beste batzuek, jakina, ez dituzte guk ditugun edo izan ditzakegun zailtasunak. Guk herri oso baten argazkia eskaini nahi izaten dugu, eta bistan da igandeko hitzorduan hori egiteko (aurrekoetan gertatu zen antzera) erraztasun gutxi jarri zizkigutela ilegalizazioaren diseinatzaileek eta akolittoek. Datuen ehuneko ehunera iritsi nahi genuen, legez kanpo utzitakoei beren tokia eman eta horren araberako konklusioak eta analisiak atera. Jakinda, beti ere, hauteskunde hauek ez direla demokratikoak izan; jakinda, gainera, kandidatura guztiak legezkoak izan balira datuak oso bestelakoak izango zirela; jakinda, azkenean, prozesu politikoak berak beste ibilbide bat eduki izan balu igandean beste argazki bat aterako zela. Horregatik nion, ilegalizaziaoren diseinatzaileei «zor»zaizkiela igandeko zailtasun eta burukomin asko.
Testuinguru horretan, hauteskunde gaua eromena izan ohi da, Interneteko zein paperezko kazetari eta teknikoentzat: iturri asko eta oso denbora gutxi denak kontrastatzeko eta dagokien tokia eta pisua emateko denei. Lan asko pilatzen da, lan konplikatua datu «ofizialekin» bakarrik konformatzen ez garenontzat. Eta jende gutxik sekulako ahalegina egin behar du sprintean. Presioa eta tentsioa, egunkari on bat egitea ez baita nahikoa… gero iritsi egin behar da kioskoetara, eta horretarako errotatibak eta banaketan markatutako ordutegiak errespetatu behar dira. Gisa tresneria eta tresneria teknologikoa abiadurarik azkarrenean jartzen ditugu egunotan, eta gure ahalmen eta desiorik handiena dena ondo atera dadin. Ohartuko zineten, dena dela, 2007ko hauteskundeotan jauzi nabarmena eman duela GARAk, igande gauean gure web gunean azkar eta txukun izan zenituztelako herri guztien datuak, legez kanpo utzi zituzten kandidaturen zinegotzi proiekzioekin eta guzti. Alde horretatik, beraz, lasai, mingaina kanpoan dugula bukatu arren lotara lasai antzean joateko moduan. Lasai antzean diot, filmaren bigarren zatia astelehen goizean proiektatzen delako, kioskora joan eta kafesnearekin batera egunkaria irakurtzen jartzean pilatutako tentsioa pixkanaka uxatzen hasten garenean. Gero iristen da oker txikiak konpontzeko garaia eta egindakoak eta ikasitakoak hurrengoan gehiago eta hobeto egiteko aprobetxatzeko.
This entry was posted on Tuesday, May 29th, 2007 at 11:11 am and is filed under Berriak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.


on May 29, 2007 at 3:56 pm patxi gaztelumendi wrote:
Ba zorionak! Izan be, igande gauean horra begira egon baginen, astelehenetik aurrera, mila aldiz erabili dugu, herriz herriko informazioa ematen duen gunea. Gune polita, aktiboa, azkarra… paperezko garaiak ez dira amaitu, baina pantailan herri bakoitzeko datuak eskura hain modu errazean izatea, eskertzen da bai.
Indar, izerdi eta gogo asko dago guzti horren atzean, eta eskerrak eman behar dizuegu zuen irakurle garenok. Segi horrela, eta segi kontatzen….
Barruko kontakizun hauek ere, interesgarri zaizkigulako. On dizuela kafesneak. Papera busti barik gero!
on May 30, 2007 at 10:51 am Dani wrote:
Nik ere zorionak eman behar dizkizuet hauteskunde hauetan egin duzuen lanagatik -paperean zein interneten- beste medio askok (gehienek) eman ez duten informazio emateagatik. Beste behin ere Gara erreferente bihurtu da errealitatea bere osotasunean ezagutu nahi dugunontzat. Ah, ahaztu gabe, pozten naiz berriz ere blogean maiztasunez idazten duzula ikustean, segi horrela.