Ez, ez dut igandeko hauteskundeen azterketa egiteko asmorik. Igande gauean Interneten, eta astelehenean eta gaur bertan paperean atera ditugun informazioak eta datuak ateratzea zenbat kostatzen den azaldu nahi nizuen, gainetik bada ere. Batez ere, jakin badakidalako beti gelditzen dela hanka-sartzeren bat, akatsen bat. Herriren bateko datuak direla edota koadro bateko zenbakiak ez datozela bat hurrengo orriko beste batekin.
Beste batzuek, jakina, ez dituzte guk ditugun edo izan ditzakegun zailtasunak. Guk herri oso baten argazkia eskaini nahi izaten dugu, eta bistan da igandeko hitzorduan hori egiteko (aurrekoetan gertatu zen antzera) erraztasun gutxi jarri zizkigutela ilegalizazioaren diseinatzaileek eta akolittoek. Datuen ehuneko ehunera iritsi nahi genuen, legez kanpo utzitakoei beren tokia eman eta horren araberako konklusioak eta analisiak atera. Jakinda, beti ere, hauteskunde hauek ez direla demokratikoak izan; jakinda, gainera, kandidatura guztiak legezkoak izan balira datuak oso bestelakoak izango zirela; jakinda, azkenean, prozesu politikoak berak beste ibilbide bat eduki izan balu igandean beste argazki bat aterako zela. Horregatik nion, ilegalizaziaoren diseinatzaileei «zor»zaizkiela igandeko zailtasun eta burukomin asko.
Testuinguru horretan, hauteskunde gaua eromena izan ohi da, Interneteko zein paperezko kazetari eta teknikoentzat: iturri asko eta oso denbora gutxi denak kontrastatzeko eta dagokien tokia eta pisua emateko denei. Lan asko pilatzen da, lan konplikatua datu «ofizialekin» bakarrik konformatzen ez garenontzat. Eta jende gutxik sekulako ahalegina egin behar du sprintean. Presioa eta tentsioa, egunkari on bat egitea ez baita nahikoa… gero iritsi egin behar da kioskoetara, eta horretarako errotatibak eta banaketan markatutako ordutegiak errespetatu behar dira. Gisa tresneria eta tresneria teknologikoa abiadurarik azkarrenean jartzen ditugu egunotan, eta gure ahalmen eta desiorik handiena dena ondo atera dadin. Ohartuko zineten, dena dela, 2007ko hauteskundeotan jauzi nabarmena eman duela GARAk, igande gauean gure web gunean azkar eta txukun izan zenituztelako herri guztien datuak, legez kanpo utzi zituzten kandidaturen zinegotzi proiekzioekin eta guzti. Alde horretatik, beraz, lasai, mingaina kanpoan dugula bukatu arren lotara lasai antzean joateko moduan. Lasai antzean diot, filmaren bigarren zatia astelehen goizean proiektatzen delako, kioskora joan eta kafesnearekin batera egunkaria irakurtzen jartzean pilatutako tentsioa pixkanaka uxatzen hasten garenean. Gero iristen da oker txikiak konpontzeko garaia eta egindakoak eta ikasitakoak hurrengoan gehiago eta hobeto egiteko aprobetxatzeko.
Hedabideok –eta beste edozein motako enpresek, jakina–, promozioak edo autopromozioak egiten ditugu tarteka, informazioarekin batera edo informazio hutsetik parte. Albistearen unean hantxe egon garela adierazteko; koberturarik onena eskaintzen dugula esateko; onenak garela eta hori guztia.
Denboran zehar edo gertakizun zehatz baten aurrean, egindako lan ona (geure ustez, jakina) goraipatu edo nabarmendu nahi izaten dugun; normalean, benetan gustura eta konforme geratu garenean egindakoaz. Erreferentziak sendotzeko, gai honetan edo bestean erreferente informatiboak garela eta izan nahi dugula adierazteko. Horrek, nere iritziz behinik behin, koherentzia eskatzen du, koherentzia informatiboa exijitzen du autopromozioak sinesgarritasuna izango badu. Koherentzia ez badu, mezu horrek naturaltasuna galtzen du, sinesgarritasuna gal lezake.
Adibide bat jarriko dizuet, azken egunotan buruan eta belarrietan bueltaka ibili dudan bat. Radio Euskadin entzun nuen Eva Forest estimatuaren heriotzaren ondorengo egunetan. Albistea informatiboetatik desagertuta zegoen ordurako, eta irrati publikoak bere programazioan zehar sakabanatu zituen Eva Foresten heriotzari buruz emandako informazioaren zatitxo edo korte batzuk.
Askok eta askok ezagutuko zenuten bere ibilbidea. Zeri eskaini zion bere bizitza eta lana, nola pentsatzen zuen eta, batez ere, nola eta zer sentitzen zuen. Hainbeste esan dezakedala uste dut, GARAn alboan izan dugulako beti, Alfonso Sastre handiarekin batera.
Kontua da, nik behinik behin, autopromozio itxura hartu diedala korte horiei. Erabat zilegia izango litzateke irrati-telebista publikoak bere ildo informatiboaren ondorio koherente eta logiko bezala egin izan balu. Baina, komentario hau sentsazioen bizipenetik atera dudala aitortuta ere, zalantza gelditu zait, eta marketingaren izenean edo itxurarekin egindako marketing ezegoki baten itxura gehiago hartu diot azkenean. Okertuta egon naiteke, jakina, eta barkatuko didate horrela bada.
Pasa den hilabeteko The Economist-en ale batean deigarria egin zitzaidan kontua ikusi nuen. Alde batetik, aldizkariak Nigeriako egoera politikoari buruzko artikulu luzea argitaratzen zuen. Hauteskundeen testuinguruan, hango egoerarekin erabat kritikoa zen artikulua. Ustelkeria, hauteskunde-emaitzen manipulazioa, eskubideen eta askatasunen zanpaketa,… hori guztia, prozesu politikoaren kaosa eta kaos horretan gobernuak duen ardura azpimarratzen zuen artikulu baten barruan.
Beste alde batetik, Nigeriako gobernuak ordaindutako publizitate gehigarri bat agertzen zen ondoren, azpian testu hau zuela: “This supplement has been produced and sponsored by Press Tribune. It did not involve the reporting or editing staff of The Economist and no endorsement is implied”. Gehigarria, Nigeriari buruzko informazio osoa bezain partziala azaltzen zuen sei orrialdetako txostena zen. Txosten honetan, nazioarteko finantzariei Nigerian inbertitzeko deia eginez, herrialdearen egonkortasuna goraipatzen zen. Txostenean azaltzen zenez, Afrikako lurralderik populatuena den hartan teknologia mailan oso aurreratuak omen daude, ustiatu gabeko gasa eta petrolio errekurtso handiak dituzte eta finantzen eta bankuen alorrean oso garatuak daude.
Gertakizun bitxi honen harira, honelako kontuak gure artean ere geroz eta ohikoagoak direla pentsatu nuen. Izan ere, gure artean GARAren lerro editorialarekin bat egiten ez duen publizitatea argitaratzeagatik kritikatu gaituenik ere izan da inoiz. Adibide bat jartzeagatik, Lakuako Barne sailaren publizitateak gure hainbat irakurleri min egiten die. Publizitate hori are jasangaitzagoa iruditzen zaie ale berean, orrialde batzuk lehenago, Sail horrek duen jarrerarekin kritiko azaltzen den informazioa edo artikuluak argitaratzen ditugunean.
Aspalditik, beste komunikabide batzuekin konparatuz, gure instituzioen aldetik alor honetan jasaten dugun diskriminazioa kritikatu dugu. Dugun irakurle kopurua eta hedapena kontuan hartuz, instituzio publiko gehienek beste komunikabideetan baino publizitate gutxiago sartzen dute gurean. Hori egiten edo erabakitzen duenak jakingo du zergatik. Iragarki edo kanpaina batzuk bai eta besteak ez erabakitzen duenak jakingo du zergatik. Ondorioz, puntu batera arte, The Economist-en jarrerarekin bat eginez, auzi honen ardura lehenik eta behin publizitatea sartzen duenari egotzi behar litzaioke, egitekotan.
Iritzi orokorrago batek, agian, hobeto azalduko luke kontua. Hasteko, komunikabideak, beste zenbait gauzen artean, enpresak ere badirela bistan da, sarri ahazten den kontua bada ere. Eta publizitatea elementu zentrala dela ere begibistakoa da. Baina, era berean, egunkariak ez direla soilik enpresak ere esan genezake, eta garbi dago gizartearen sektore edo talde zabalen iritzi politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalekin identifikatzen direla edo identifika daitezkeela. Ondorioz, gertakizunei buruzko informazioarekin batera, talde sozial horien kezkak eta iritziak islatzen saiatzen gara. Komunikabideek iritzi kritikoa sortzeko duten edo izan behar luketen gaitasuna azpimarratzekoa da.
Helburu hori lortzen dugun ala ez aztertzea kezka edo betebehar garrantzitsua da. Horretarako, kazetarien lanaren kalitatea eta produktuen barne eta kanpo koherentzia aztertu behar da, behin eta berriz, egunerokotasunak ematen eta kentzen duen guztiarekin. Normala denez, eguneroko lanak beti ematen du norberaren buruarekin kritikoa izateko tartea, beti gehiago eta hobeto egin nahi dugulako.
Orokorrean, GARA irakurriz, bizi dugun errealitateari buruz eta gobernatzen gaituzten instituzioei buruz irakurleak iritzi kritikoa osa dezakeela sinesten dut. Iritzi kritikoa da, hain zuzen ere, publizitate «berezi» batzuen aurrean existitzen den “antidotorik” onena.
Finean, kazetaritzaren oinarrian dauden premisa sinple hauek Nigeriarako, Londreserako edota Gasteizerako berdin balio dezakete.